Ibon Koteron, Xabier Valle eta Ruben Isasik, azken bi hauek amurrioarrak, albokaren soinu gaitasunak biltzen dituen liburu-diska prestatu dute Asier Ercilla, Unai Gonzalez eta Dabid Nanclaresekin batera. Larrabetxuko Gaztetxean aurkeztu ondoren, Laudioko Kultur Etxera ekarriko dute haien lana.
![[Img #1522]](upload/img/periodico/img_1522.jpg)
Albokaren etorkizuna, pasa den mendeko azken laurdenean, ahultzen zihoan, geldirik, tresnaren indar ikonografikoa eta Leon Bilbao edo Silbestre Elezcano “Txilibrin” moduko albokarien oroimen artean. Asko zegoen egiteko, garai horietan, baldintza fisiko zein errepertorio gabezi handiak zituen tresna horren alde.
1996. urtean “Leonen Orroak” (Elkar) argitaratu zuen Ibon Koteronek Kepa Junkeraren eskutik. Kolaborazio eta haize berri anitzez betetako lan horrek eragin itzela izan zuen musikari askorengan Alboka, eta bere soinu deigarria, ezagutarazteko garaian.
“Leonen Orroak” bat-batean barneratu zen albokarien joaldietan eta Alboka bera, berriztaturik, emeki-emeki joan zen leku bat egiten jaialdi zein eszenatoki handien programazioetan. Une berean, tresnaren garapena gertatzen ari zen, non material berriak erabili eta egite-prozedura guztia eraberritzen zen. Garapen honen arira, “Airea” (Elkar 2004) kaleratuko zuten Ibon Koteronek eta Kepa Junkerak, non, Albokaren gaitasuna soinu garaikideko lanak hedatzerakoan bilatuko zen.
Albokaren garapenak, azken urte hauetan, Osses luthierra eta Ibon Koteron, Xabier Valle edota Allan Griffin bezalako albokarien artean egindako lanak, esponentzialki zabaldu ditu tresnaren soinu gaitasunak.
Puntu honetan bertan du xedea ALBOKAK 2.1 Bizialdi berria – Upgrade proiektuak. Lan zabal honek, liburu-diska formatuan, jada nagusi den tresnaren zertzelada musikal zabalak aurkezten dizkigu. Dagoeneko ez da behar Albokaren mugapean musikaria makurtzea gai berriak sortzeko garaian, aldiz, Alboka bera, arrotz suertatu dakiozkeen soinu berriekin ausartzen da gustora. ALBOKAK 2.1-ek Gaztelera, Ingelera eta Euskaraz garatutako 92 orrialdetan zehar, tresna bera eta bere baliabide estetiko-musikalen inguruko artikuluak aurkezten dizkigu.
Gutxi balitz, diskoko 53 minutu musikalak osatzen dituen abesti berri, zein bertsioen, partiturak atxikitzen dira era dotore batean, baita ordenagailuan erreproduzi daitezkeenak ere.
Asier Ercillak eta Unai Gonzalezek (Balea Musika Ideiak) grabatutako lan honek Ibon Koteron eta Xabier Valleren (Kukuma) albokak eta albokoteak aurkezten ditu, era berean Ruben Isasiren (Kukuma, Amaiur…) trikitixak, flautak, perkusioak eta programazioak dituzte lagun, hala nola, Asier Ercillaren (Kepa Junkera, Fran Lasuen…) programazioak, teklatuak eta sintetizadoreak eta Dabid Nanclaresen (Kukuma, Fran Lasuen, Kepa Junkera…) kitarrak.
Albokak 2.1 soinu esparru zabaleko Alboka koloretsuak aurkezten ditu, eroso aurkitzen ditugun horietakoak bai Polska edo Oro erritmoetan, zein Eskoziar edota Klezmer musika estiloetan murgildurik. Musikari zein zaleentzat ikaragarrizko ustekabea!
Alboka bizirik darrai eta eguneratzeko duzu bertsio berri honetan, ALBOKAK 2.1… Upgrade!
|
|
||||||||||||||||