Hona hemen, Laudio Udaleko Euskara Teknikaria eta ikertzailea den Felix Mugurutzak bidali dituen gabon-egun hauetako ohituren inguruan sorturiko zenbait bitxikeria eta aldaketa.
EGUBERRI. Atzo, abenduaren 23an hasi zen negua. Hau da, atzoko egunaz geroztik eguargia, gauaren kaltetan, luzatzen doala. Horixe da egunotan ospatzen duguna: eguzki, garaile suertatzen dela berriro ere. Sol Invictus zen jai hori izendatzeko erromatarrek zerabilten izena eta seguruenik, lehenagoko tradizio batzuetan oinarrituta dago. Hortaz, EGUBERRI (Gabon eguna) euskarazko izena: "egun berria", beste ziklo baten hasiera.
ORDEZKAPENA. Ospakizun hori ordezkatzeko, Elizak Jesukristoren jaiotzaz baliatu zen. 354. urtera arte, ez dira kristau-Gabonak dokumentatzen, seguruenik, ez zirelako existitzen.
JESUKRISTOREN JAIOTZA. - Jesukristo ez zen abenduan jaio (garaiko biztanleen erroldak (Belengo portala) udan egiten ziren) beraz, Gabon egunarekin bat egitea sinbolo bat besterik ez da. Ebanjelioetan "Kristo argia da" (Eguzkiren nagusitasuna) hitzek justifikatu zuten solstizio jaia bere ustezko jaiotzarekin ordezkatzeko.
OLENTZERO- Olentzero pertsonaia, Gabon gauean EHn zeudenen artean beste bat da. Lesaka, Oiartzun, Berastegi... ingurukoa da eta, frankismoaren bukaeran, EH osora hedatu zen. Oso tradizio berria da, beraz, gure artean.
ONENZARO- Olentzerori buruzko lehen aipu dokumentala nahiko zaharra da: Lope Mtnez Isatikok (Lezo, 1565-1626) XVII. mendearen hasieran “A la noche de Navidad (llamamos) onenzaro, la sazón de los buenos” ('onen sasoia').
OPARIAK. - Olentzerok ez du sekula ere oparirik banatu. Are gutxiago opariak eskatzeko gutunak jaso edo gaizki portatu denari, ikatza oparitu. Horiek guztiak, Errege Magoen ohituren "plagioa" dira; bestela esanda, euskal errito baten desfiguratzea. Edo, hobeki, mito baten amaiera eta beste berri baten hasiera.
ERREGE MAGOAK- Opariak emateko Errege Magoen ohitura ere, uste duguna baino berriagoa da: 1850. urtera arte ez da dokumentatzen. Garai berekoa da opariak eskatzeko gutunaren ohitura.
MARIDOMINGI.- Maridomingi da herri-kantu batean agertzen den pertsonaia. Gaur egungo generoen arteko berdintasun beharrek "Olentzeroren emazte" bihurtu dute. Horretarako arrazoiak eta egokitasuna alde batera utziz, antropologiaren ikuspegitik, gehiegikeria bat. Mari jainkosari, Errege Magoei edo musulmanen Ala-ri, senar emazterik jartzen ez diegun bezalaxe... Maridomingiren nahaste-borraste horren barruan, emakume horren integrazioa Olentzeroren erritualean homofoboa izateagatik ere kritikatu izan da zenbaitetan, bikotea izateko gizon + emakumea (Olentzero + Maridomingi) eredua baino ez zaielako erakusten umeei, harreman homosexualen duintasuna gaitzetsiz. Batean irabazia, bestean galdua beraz. Edonola izanda, ohitura berria da eta batere tradiziorik gabekoa eta, neurri batean, herri tradizio bati kalte egiten diona.
IGITAIA- Olentzeroren ikur tradizionala igitaia izan da, eta halaxe egiten da oraindik ere jatorria duen herrietan. Horixe da, hain zuzen ere, gehienbat ahaztu zaiguna.
BIZARRA. - Olentzero bizardunaren ohitura ere berria da. Frankismoaren kontra egotearen adierazpidea zen bizarra izatea. Garai horretako gure herritarren argazkiak begiratzea baino ez da egin behar... Horregatik, Frankismoaren amaierako euskaldun antrifrankisten look-a izanda, itxura hori eman zitzaion Olentzero berriari.
ERRETZEA.- Jatorrizko zenbait herritan Olentzeroren panpina erretzen da jaiaren amaieran. Olentzeroren jaia Laudion egiten hasi zenean, halaxe egiten zen. Baina ohitura egokitu behar izan zen umeek ez zutelako ulertzen krudelkeria hura. Zergatik? Jatorrian nahiko pertsonaia groteskoa zena "samurtu, edertu" dugulako.
OLENTZERO KANTUAK. - Abesten dugun kantua, izatez, hiru kantu ezberdin dira. Haietan islatzen da mito hau jatorria duen herrietan zer nolako iritzia zuten pertsonaiaz: batzuetan maitatua da eta beste batzuetan gorrotatua. Modernoa da, baita ere, krudelkeria hori makilatzeko aldaketak: "Olentzero buruhandia, entendimentu gabea" ('burugabea') > "entendimentuz jantzia" ('dotore jantzia').
SUA. Lurrean dagoen Eguzkiren ordezkoa, sua da. Horregatik gurtzen da egun Gabon gauean. Ohitura zen egun horretan enbor hautatu handi bat sartzea sutan. Haren errautsek babeserako ahalmen berezi bat zuten, magikoa: animaliak sendatzeko, piztiak uxatzeko, ekaitzak urruntzeko... Laudion, beste toki askotan bezala, dokumentatutako ohitura da, nahiz eta egun erabat ahaztua dagoen. Enbor berezi horrek izen asko du, horietako bat "Olentzero".
OGIA. - Gabon gaueko ogian mozten zen lehenengo zatitxoa gorde egiten zen (eta oraindik ere hainbat etxetan gordetzen da). Herritarren esanetan, hurrengo Gabonetara arte gordetzen den ogi hori ez da urdintzen. Balio magikoak zituen, nahiz eta egun nahiko ahaztuta dauden: animaliak sendatzeko, txakurren errabia sendatzeko, uholdetan erreken gainezkatzea ekiditeko, soroak bedeinkatzeko... Laudion oraindik bizirik dagoen ohitura.
JAKI BEGETALAK- Gabonetako jaki tradizionalak begetalak ziren, Elizak hala agintzen zuelako. Hortaz aza, intxaur-saltsa (Laudion 'nogada' erdal izenaz ere ezagutua), konpota, gaztainak...
Gerora arrainaren kontsumoa baimendu zen (angulak, bisigua, txitxarroa, bakailaoa eta antzerakoen ohitura...) eta, nahiko berandu, baita haragia ere. Haragia sexu-bekatuekin lotzen zuen Elizak. Horregatik kapoiak izan ziren lehenik onartu ziren haragi-jakiak, gonada sexualak kenduta zituztelako.
GAZTAINA- XIX. mendearen erdira arte, gaztaina izan ziren gure eskualdean neguan gehien jaten zen jakia. Orozko, Laudio eta Okondo ziren Bizkaiko (ez da okerra "Bizkaiko" hori) gaztaina produkzio gehien zuten herriak, batez ere Europara esportatzeko. Laudio gaztainatik eta gaztainarako bizi izan zuela esan daiteke. Horregatik, gaztainaren garrantzia oso presente dago gabon kantu tradizionaletan.
AZKENBURUKOAK- Gure artean, konpota izan da Gabon gaueko azkenburuko hedatuena. Horrekin batera, "jalea" (irasagar krema moduko bat) zen preziatuena joan den mendearen hasieran (gure aitita-amama askok gogoan dute oraindik). Gerora turroia hedatu zen, Alacantetik ekarria.
EGUBERRI- Natibete izan da gure eskualdean Gabon-eguna deitzeko erabili den euskarazko izendapena. Gazteleraz ere, Navidad (gaua) eta Natividad (eguna, abenduaren 25a) bereizten ziren Laudion. Baina seguruenik zaharrena eta Kristautasunaren erituetatik harago doana, EGUBERRI da.
Felix Mugurutza - Euskara Teknikaria eta ikertzailea
|
|
||||||||||||||||